XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

3. ASPEKTUA ADITZEAN
Aditz prozesu horretako maila desberdinak oraindik prozesua hasteko, edo hasita baina amaitzeke, edo amaitua, betetua dela ASPEKTUAK direla dinogu, generalki.

Beraz, ASPEKTUAK esatariarekin ez du zerikusirik, aditz prozesuaren mailaketa objetibo bat denez gero.

Eta mailaketa hau, funtsez, hirukoitza dugu: oraindik hasigabea, betetzen ari dena / zena, eta betetua.

Ikus dezagun, beraz, errotik arazo hau.

Egia esan, gure artean hau da, euskaran aspektuak gero eta inportantzia gutxiago du, inguruko erromantze hizkuntzen eraginez edo, ERA ta ALDIEK, nagusitu bait dira.

Baina lehenago ez zen horrela.

Beraz, zati bitan banatuko dugu azalpen hau: lehendabizi aspektuaren arazoa idazle zaharretan, eta bigarren gaurko erabilpidean.

3.1. ASPEKTUA IDAZLE ZAHARRETAN(Detxepare, Leizarraga, eta abar).

Adierazketa honetan jarraituko dugun bidea R. Lafonek urratutako pausuetatik joango da.

Le système du verbe basque au XVÍeme síecle lehen gidari, eta Txilardegiren Euskal gramatika delako ere kontuan hartuko dugu, Lafonen lanari darraikionez gero.

3.1.1. Konstatazio bat lehendabizi
Lafonen argi adierazi duenez, idazle zaharrek inoiz ez darabiltzate aditz forma batzuk indikatibozko orain aldian soilki.

Adibidez, Leizarraga batek inoiz ez du esango: Nator, Hator, eta abar.

Bai, ordea, Ba-dator, datorre-la,datorre-n, dator-ke, eta honelako formak.

Holako morfemaren batez jantzirik bai badarabiltza.

Perifrastikoz ere bai.

Adibidez, Etorten naiz, ekarten dut, eta abar.

Beste aditz batzuk ostera, patxara oso onean, erabili ohi ditue idazleok indikatibozko orain aldian eta iraganean soilki, ezetariko morfemarik gehitu gabe.

Adibidez, Nago, Hago eta abar.

Berdin IBILI aditzari buruz, IRAUN aditzari, eta abar.

(ikus Txilardegi, E. Gramatika, 214-216.orr.

Ikus, baita ere, R. Lafon, Le systeme... 216 eta jarraikoak).

Zergaitik erabilpide desberdina?.